ARGINDARRAREN FAKTURA ARGITZEN

http://www.berria.eus/blogariak/argietagarbi/2015/11/06/argindarraren-faktura-argitzen/

Argindarraren faktura gure beharretara ahalik eta gehien egokitzeko hainbat datu ezagutu behar dira. Alferrik da LED argiak eta kontsumo baxuko tresnak jartzea, fakturan dauden terminoak eta tarifak ez badaude ondo egokituak gure benetako kontsumora.

 

Merkaturatzea:

Gaur egun dozenaka enpresa komertzializatzaile daude, baina bi motatakoak berezi behar dira: erregulatuak eta libreak. Erregulatuei gobernuak salneurriak mugatzen dizkie, eta bonu soziala deritzon diru laguntza haiek bakarrik eman dezakete. Libreek ezin dute bonu soziala eman, baina nahi duten salneurria jar dezakete. Ez dago salneurri finko bat.

 

Fakturak:

Fakturan agertzen diren daturik garrantzitsuenak hornikuntzarekin erlazionatutakoak dira .

Bertan, kontrataturik dagoen potentzia eta tarifa mota daude . Hor ere HPKU edo CUPS deritzon zenbakia dago. Zenbaki hori da etxera ailegatzen den konexioa identifikatzen duena. Zenbaki hori da komertzialek bilatzen dutena faktura eskatzen dutenean. Horregatik gomendatzen da inoiz ez erakustea fakturak komertzialei. Eskaini nahi digutenari buruzko informazio idatzia eskatzea nahikoa da. Zenbaki horrekin eta NAN kopia edo argazki batekin nahikoa da kontratu aldaketa bat egiteko.

 

Fakturazio datuak:

Beti fakturatuko dute potentzia , etxean kontrataturik dugunaren arabera. Potentzia kontratatutako kilowatten arabera ordaindu behar da. Salneurria kilowatteko eta eguneko jartzen da. Batzuetan, salneurria bi zatitan banatzen dute: argindar banaketa sarea erabiltzearen zatia (gobernuak finkatua) eta komertzializatzailearen marjina . Beste batzuetan, bi zati horiek salneurri bakarrean agertzen dira.

Komeni da kontrataturik dagoen potentzia ondo ajustatuta izatea. Batzuetan potentzia gehiegi izan dezake bezeroak, eta jaistea eska daiteke.

Bestalde, kontsumoa dago, kontsumitutako kilowatt-ordu kopurua agertzen da, eta kilowatt-orduko salneurria. Kasu horretan ere, potentziaren kasuan bezala, batzuetan bi zatitan agertzen da salneurria, argindar banaketa sarea erabiltzearen zatia (gobernuak finkatua) eta komertzializatzaileak merkatuan erositako argindarraren salneurria bere marjinarekin . Merkatuan energia ordubetero erosten da eta salneurria ere ordubetero aldatzen da; beraz, ez da erraza salneurri egokiarekin asmatzea dirua ez galtzeko, zeren salneurria aldez aurretik jarri behar dute komertzializatzaileek.

 

Aukera dago 24 orduan kontsumitzen denaren salneurria berdina izateko edo bestela 14 ordu (22:00-12:00 neguan eta 23:00-13:00 udan) salneurri merkean eta 10 ordu (12:00-22:00 neguan eta 13:00-23:00, udan) salneurri garestian . Bi ordutegiko tarifa interesgarria da, kontsumitzen den argindarraren %35 baino gehiago ordutegi merkean egiten bada, 24 orduko tarifa baino hobeto aterako da.

 

Zerbitzuen atala:

Atal horretan derrigorrezkoa den zerbitzu bakarra argindarraren kontagailuaren alokairua da . Beste edozein zerbitzu estra bat da, komertzializatzaileak jarria, eta halako gehienak etxeko aseguruan sartuak daude jadanik.

Zergak ere baditugu argindarraren fakturan. Alde batetik argindarraren gaineko zerga %5,11 eta bestalde %21eko BEZa . Esan dezakegu argindarrak %27ko zerga zuzen bat duela.


Fakturaren azalpena


Faktura ulertzeko gida azkarra:

  1. Merkatu erregulatuan edo merkatu librean gauden. Hemen ikusiko dituzu zeintzu diren merkatu erregulatuan dauden Komertzializatzaileak. CNMC konparatzailean.
  2. Begiratu ea Bono Soziala eskatzeko aukera daukazun. Hemen topatuko dituzu zeintzu diren eskatzeko baldintzak. 
  3. Errebisatu tarifak, bai POTENTZIAn bai KONTSUMOAn.
  4. Errebisatu deskontuak. Bono soziala ez diren deskontuak badituzu, errebisatu ondo tarifak eta konparatu. Agian tarifa garestiak dituzu. Bai potentzian, bai kontsumoan.
  5. Errebisatu ze zerbitzu dituzun kontratatuak. Kontagailuaren zerbitzua bakarrik egon behar du bertan. Beste edozein zerbitzu ez da nahitanahiezkoa eta ziur asko jadanik zure etxeko aseguruak kubritzen du.
  6. Edozein aldaketa egin aurretik ziurtatu permanentziarik ez duzula, eta baldin baduzu jakin zenbateko kostua izan dezakeen aldaketak.

Komertzialen aurrean nola jokatu:

  • Etxera etortzen diren komertzialei ez erakutsi INOIZ fakturak. Edozein eskaintza idatziz pasatzeko eskatu eta ondo aztertu eta gero, interesgarria dela baderitzozu beti izango duzu aukera kontratatzeko.
  • Etxera etortzen badira, eta faktura eskatzen badizute errebisatzeko, EZ ERAKUTSI, edozein errebisio telematikoki egiten da. Inoiz ez dira etorriko zure etxera faktura errebisatzera, benetan egiten dutena kontratu aldaketak dira erabiltzailea konturatu gabe.